Mimetismoa inguruan dituzten beste izaki batzuen kolorea edo itxura hartu, jokabidea, hotsa edo usaina imitatu eta kokapen berean egoteko animalia eta landare batzuen ahalmena da, harraparien erasoetatik babestea edo erasoa arrakastatsua lortzeko helburuak dituena[1]. Adibidez, liztor arriskutsuen itxura hartzen dute lepidoptero, diptero eta koleoptero zenbaitek. Batzuetan espezie imitatzailearen mimetismoak abantailak ekarri ere egiten dizkio espezie modelo edo imitatuari.
Sarritan, mimetismoak babes funtzioa du, mimetismoa garatzen duen animalia erabat ohartezin bilakatzen baita harraparientzat. Mimetismoaren helburua habitat berean bizi diren animalien zentzumenak engainatzea da, batez ere harraparien zentzumenak.
Mimetismoaren kasu ezagunenek ikusmen-pertzepzioari eragiten diote, baina badira entzumen- usaimen- edo ukimen-mimetismo kasuak ere.