Minotauro | |
---|---|
Greziar mitologia | |
![]() | |
Ezaugarriak | |
Sexua | gizonezkoa |
Bizitokia | Kretako labirintoa |
Baliokideak | Asterion (en) ![]() |
Familia | |
Aita | Kretako zezena |
Ama | Pasifae |
Greziar mitologian, Minotauroa[1] (antzinako grezieraz: Μῑνώταυρος /miːnɔ̌ːtau̯ros/ ahoskatua, latinez: Minotaurus, etruskoz: Θevrumineś) izaki izugarri bat zen, zezen burua eta giza gorputza zituena eta giza haragia jaten zuena. Kretan jaio zen, Minos erregearen emazte Pasifaeren semea zen. Minos erregea beti harrotzen zuen jainkoen mesedea edukitzearekin eta, frogatzeko, otoitz egin zuen ea jainko batek opari bat eman zion. Poseidonek, ozeano eta itsasoetako jainkoak, entzun zuen, eta itsasotik zezen zuri polit bat atera zuen. Poseidonek zezena Minosek sakrifikatzeko oparitu zion hari, baina Minosek ez zuen hain animalia baliotsua hil nahi. Poseidon Afroditaren laguntzaren bila joan zen eta Afroditak —bere estiloan— Pasifae piztiaz maiteminarazi zuen. Pasifaek ezin zuenez bere nahia bete, Dedalo arkitektoa eta haren semea Ikarorengana joan zen laguntza bila. Dedalo eta Ikarok zurezko zezen bat sortu eta benetako behi-larrua ipini zioten. Dedalo eta Ikarok Pasifae zurezko behiaren barruan sartu eta zezena zegoen belardira eraman zuten. Pasifaek eta zezenak sexu-harremanak izan zituzten.
Pasifae haurdun geratu zen, baina Minos ez zen horretaz ohartu, Minotauroa jaio zen arte. Minosek, haserre, Dedalo eta Ikaro kartzelatu zituen. Pasifaeri, ordea, ez zion ezer egin, izugarri maite zuelako. Pasifae Minotauriaren kargu egin zen txikia zen bitartean baina, hazten zen heinean, Minotauroa zaintzea arriskutsuagoa bilakatzen zen eta Pasifaek ezin izan zuen gehiago arduratu. Minotauroa bakarrik geratu zen eta, janaria behar zuenez, pertsonak jatea erabaki zuen. Minosek, hori saihestu nahian, Orakuluarengana joan zen: labirinto bat egiteko aholkua eman zion eta, Minosen aginduz, Dedalo izeneko arkitektoak Kretako famatua eraiki zuen, Minotauroa bertan itxita uzteko. Aldian behin, Minosen aginduz, Atenasek 7 neska eta 7 mutil eman behar zituen tributu moduan Minotauroari jaten emateko: 14 gazteak labirintoan uzten zituzten, bertan gal zitezen eta munstroarekin topa.
Ohitura basati hori amaitzeko, Teseo heroiak bere burua sakrifiziorako aurkeztu zuen. Teseok Egeo aitari hitzeman zion bezala, Minotauroak bera hiltzea lortzen bazuen, itzuliko zen itsasontziko belak beltzak izango ziren, baina Minotauroa hil egiten bazuen, zuriak. Kretara heldu zenean, Minos eta Pasifaeren alaba Ariadnarekin maitemindu eta plan bat asmatu zuen labirintoan ez galtzeko: Teseo hari luze baten muturrari helduta sartu zen labirintoan eta Ariadna kanpoan geratu zen, beste muturrari helduta. Teseok Minotauroa topatu eta hil egin zuen eta, Ariadnaren hariari esker, irteera aurkitu. Ariadnarekin joan zen Kretatik, Ariadna bakarrik eramanik; Fedra ere harekin joan zen, maiteminduta zegoelako. Orduan, Ariadna Naxos uhartean utzi eta Fedrarekin joan zen Atenasera, han ezkontzeko asmoz. Tamalez, Teseori bela zuriak ipintzea ahaztu eta bela beltzekin itzuli zen. Aitak urrundik ikusi zituenean, bere buruaz beste egin zuen, jauregiko dorre altuenetik bere burua botaz. Egun, Grezia inguratzen duen itsasoari Egeo deitzen zaio errege zaharraren omenez.