Mus

Museko jokaldi honetan, jokoan, 31, eta pareetan, mediak (hiru zazpiko). Zenbait tokitan, jokaldi honi "31 erreala" edo "errege-joko" deritzo, eta beste jokoak baino hobea da.

Musa Euskal Herrian asmatutako karta-jokoa da[1]. 40 kartako karta-sortarekin jokatzen da, eta jokalariei launa karta ematen zaizkie. Kartok banatu ondoren, "mus" delakoa proposatzen da. Jokalari guztiak ados badira, karta hauetako bat edo gehiago alde batera utzi eta berriak banatzen dira. Behin musa moztuta (jokalari batek musari uko egiten dionean), jokoa bera hasten da. Bertan lau fase (edo jokaldi) izaten dira, hurrenkera honetan:

  • Handia: kartarik handienak nork dituen.
  • Txikia: kartarik txikienak nork dituen.
  • Pareak: parerik onenak nork dituen.
  • Jokoa: Karten balioaren batura hartzen da kontuan. Jokatu ahal izateko 31 puntu behar dira gutxienez. Inor ez bada horrenbestera heltzen, puntua jokatzen da, eta 31 puntura gehien hurbiltzen denak irabazten du.

Fase bakoitzean jokalariek apustu egin dezakete, gutxienekoa bi tanto izanik (enbido). Aurkariek desafioa onartu (eduki), utzi edo apustua igo dezakete. Fase guztiak bukatzean, kartak erakutsi eta apustu bakoitza nork irabazi duen erabakiko da. Tantoak apustu bakoitzaren irabazleari emango zaizkio, zenbait kasutan tanto gehigarriak jaso daitezkeelarik (adibidez, pareen irabazleak zenbait tanto jasotzen ditu eskuan zituen pareen arabera, eta antzera joko/puntuarekin ere). Kartek apustuaren irabazlea nor den adierazi ezin dutenean (berdinak direlako, adibidez), jokalarien hurrenkeran lehena dagoenak du abantaila. Alegia, eskutik hurbilena denak irabaziko luke.

Apustu berezia ere egin daiteke, "hordago" delakoa. Hordagoa botatzean, partida osoa jartzen da jokoan, eta onartuz gero momentuan erabakitzen da irabazlea zein den.

  1. (Gaztelaniaz) Mus. (Noiz kontsultatua: 2019-08-01).

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne