Muschelkalk (alemaneko "kareharri maskordun"; frantsesez: calcaire coquillier) Europako erdialde eta mendebaldeko geologiako unitate litoestratigrafiko bat da. Triasiko Ertainean (orain dela 240-230 milioi urte) sortutako arroka sedimentarioak dira, Trias Germanikoaren bigarren unitatea[1]. Bere azpian zaharragoa den Buntsandstein dago eta, bere gainean, gazteagoa den Keuper formazioa. Muschelkalkean kareharri sekuentziak eta dolomita eremuak daude.
Iraganean, Muschelkalk izena ematen zitzaion gaur egun Triasiko Ertain deitzen diogun garaiari. Gaur egungo estratigrafian, hala ere, arroka unitateari baino ez zaio horrela deitzen, eta ez garai zehatz bati.