Museo

Florentziako Uffizi galeria

Museoa, Museoen Nazioarteko Kontseiluaren (ICOM) arabera [1], irabazi asmorik gabeko erakunde publiko edo pribatua da; ikasketa eta heziketa helburuekin, artea, zientzia eta, oro har, balio kulturala duena, eskuratu, kontserbatu, ikertu, komunikatu egiten duena, irakasten duen gizartearen eta garapenaren alde. Museoa ikertzen duen zientziari museologia deritzo; haren kudeaketaren teknikari, museografia; eta haren administrazioari, museonomia.

Museoetako bildumak, ia beti baliotsuak, antzinatetik daude: tenpluetan noizbehinka publikoak ikus eta mirets zitzakeen kultu edo eskaintzarako objektuak gordetzen ziren. Gauza bera gertatzen zen Grezia eta Erromako aristokrata batzuek egiten zituzten artelan eta baliozko objektuen bilduma batzuekin. Beraien etxeetan edukitzen zituzten, lorategietan, eta harrotasunez erakusten zizkieten beren lagun eta bisitariei. Errenazimenduan eman zitzaion “museo” izena gaur egun ulertzen den bezala, hau da, beren bilduma erakustera eta kontserbatzera espresuki zuzenduriko eraikinak. Bestetik, arte galeriak daude: hor, erakusketa iraunkorretan eskultura eta margoak erakusgai daude, behin betiko erakusketa baten beharrik izan gabe. Horren izena garai bateko gaztelu eta jauregietan zeuden galerietatik dator: irekiak ziren, leiho asko zituzten, bestibulu moduko espazio luzeetan, eta zutabeek eusten zieten. Gune horiek atsedenerako izaten ziren, baita apaindurarako objektuen eta artelanen erakusketarako ere.

Lehen Mundu Gerraren ondoren (1918), Museoen Nazioarteko Bulegoa sortu zen: egun indarrean dauden programa eta konponbide teknikoen irizpide museografikoak eratu zituen. 1945ean, Museoen Nazioarteko Kontseilua (ICOM, ingelesezko sigletan) sortu zen eta 1948an Museum-en aldizkako argitalpena agertu zen: haren bitartez zabaltzen dira mundu osoko museoetako ekintzak gaur egun arte.

Egun, museoa zaintza anitz behar dituen establezimendu konplexua da. Hainbat ogibidetako langile profesionalez hornituta egoten da. Normalean zuzendari bat eta kontserbatzaile bat edo gehiago izaten ditu, zaharberritzaileak, ikertzaileak, bekadunak, analistak, administrariak, atalzainak, segurtasun zaindariak eta abarrez gain. Adituek diote museoen benetako helburuak kulturaren dibulgazioa, ikerkuntza, haien inguruko argitalpenak eta heziketa-ekintzak izan behar duela. Azken urteetan, hiri askotako museoek beraien artelanetakoren bat jartzen duten erakusketa ibiltariaren ideia sortu da: horrela, denak leku berean ikus daitezke.

Museo mota ugari daude: besteak beste, arte museoak, museo historikoak, argizari museoa, zientzi eta teknika museoak, natur historia museoak, ospetsuei eskainitakoak, arkeologi museoak...

1977an NBEak maiatzaren 18a Museoen Nazioarteko Eguna izendatu zuen.

  1. ICOM, ICOM-en Museo definizioa

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne