Ilargiaren denbora lerro geologikoan azaltzen den Periodo Nektariarra duela 3920 milioi urte hasi eta duela 3850 milioi urte arte iraun zuen (iturri batetik bestera datua zertxobait aldatu daiteke).[1][2] Periodo honetan zehar Nectaris arroa eta beste hainbat eratu ziren, talka erraldoien ondorioz. Ilargiaren lur garaietan topatu daitezkeen kraterrez jositako lurzoruen gainaldea, Nectaris arroa sortzean jaregin ziren materialek osatzen dute. Periodo honen amaierak Imbriar Periodoari hasiera eman zion, zehazki, haren osagai den Imbriar Goiztiarrari.
Periodo geologiko honen hasiera Nectaris arroaren sorkuntzak zehaztu zuen eta Imbrium arroa sortuko zuen talka gertatu arteko denboraldia hartzen du bere baitan.[3] Garai honetan sortu ziren materialak oraindik ere eskuragarri daude Ilargiaren lurrazalean, satelitearen zati handi bat osatzen dutelako. Alde ezkutuan zein alde ikusgaian topatu daitezke aipatutako materialak, bereziki satelitearen ekialdean.[3]
Aurrenektariarrean eta Nektariarrean sortu ziren materialak antzekoak dira orokorrean eta antzeko prozesuen bidez sortu zirela uste da. Ezberdintasun nagusiak Nektariar Periodoko arroen tamaina txikia eta higadura gutxiago pairatu izana dira, izan ere, Nektariarrean sortutako materialak gazteagoak izanik, ez ziren besteak haina higatu.[4]
Azpian ageri den denbora lerroan Periodo Nektariarra gainerakoekin batera ageri da. Ikus daitekeen moduan, albokoekin alderatuta, laburra izan zen garai geologiko hau, soilik hirurogeita hamar milioi urte iraun baitzituen.