Neutrofiloa globulu zuri mota bat da, granulozitoetan ugariena, fagozitosia egiteko ahalmena duena. Odoleko milimetro kubiko batean 2.500-7.500 neutrofilo daude, eta leukozito guztien % 35-65 izaten dira.[1] Sortzetiko immunitate-sistemaren parte dira.
Neutrofiloak hezur-muineko zelula ametatik sortzen dira; odolera igarotzen dira gero, eta bertan den leukozito talderik handiena osatzen dute. Nukleo polilobulatua dute, eta hiru edo lau egun baino gehiago ez dute irauten. Gai arrotzen bat sartu den ehunen aldera mugitzen dira; izan ere odoletik ehunetara irten daitezke, kapilarren endotelioko zelulen artean igaroz (diapedesia).[1] Bertara iritsitakoan, gai arrotz horiek fagozitatu eta suntsitu egiten dituzte zitoplasmako lisosometan dauden entzimen bidez. Hanturan parte hartzen duten defentsazko aurreneko zelulak izaten dira.[2]