Neymar da Silva Santos Junior (Mogi das Cruzes, São Paulo, Brasil, 1992ko otsailaren 5a), Neymar izenez ezaguna, futbol jokalaria da. Ezker hegalekotzat edo erasoko erdilaritzat jokatu ohi du. Gaur egun, Brasilgo A Seriean jokatzen du, Santos FC taldean hain zuzen ere. Bere ibilbidearen zati oparoenak Bartzelona eta Paris Saint-Germain futbol klubetan eman ditu.
31 urte zituela, Europako goi-mailako futbola utzi zuen. Hala ere, askoren esanetan bere garaiko futbol jokalari gorenetako bat da, belaunaldikide dituen Cristiano Ronaldo eta Lionel Messi izarren tronura gehien hurbildu denetakoa.[1] Zelaian jokalari dibertigarria eta hankaz arina, bere magiaz aurkariak atzean uzteko erraztasun izugarria erakutsi du, eta bere aurrekari Ronaldinhorekin konparatu izan dute bien dribbling izugarriagatik. Ronaldinhok legez, Neymarrek zelaitik at hainbat gorabehera izan ditu, eta uste da horrek galarazi diola arreta erabat futbolera bideratzea eta bertan urrunago iristea.[2]
Brasilgo Selekzio Nazionalean ere jokatzen du. Selekzio hartan, kapitaina da; eta, 79 gol sartu dituelarik, inoizko golegile ugariena, selekzioarentzat 77 gol eginak zituen Pelé mitoa gaindituta.