Nibologiaelurrarekin erlazionatutako fenomenoak aztertzen dituen jakintza da eta honako elementuak ikertzen ditu, besteak beste:
Elurra: egitura, denboran zehar nola eraldatzen den eta iraupena: ezaugarriak, propietate fisikoak eta kimikoak; elur-bisutsa eta haizeak garraiatutako elurra.
Elur-mantua: egitura, geruzen osaketa, egonkortasuna, hauskortasuna; zundaketa bidezko analisiak eta elur pilaketak.
Elurraren egoera: elurteen meteorologia, elur iraunkorreko inguruneak eta elurte berriak.
Elur-jausiak: aurreikuspena, nola sortzen diren eta berauen dinamika.
Nibologia meteorologiaren adar bat da eta zientzialariek elurra edo/eta elur-geruzen ezaugarriak aztertzen dituzte helburu zientifikoetarako (glaziarren joerak ikusteko, adibidez) zein kasu praktikoetarako, hala nola, elur-ekaitzen mendeko lur-eremuetako segurtasuna bermatzeko (elur-jausien aurreikuspenerako eta prebentziorako).
Zientzia konplexua da, faktore askok eragiten baitute:
elur partikulak edo malutak oso egitura ezberdinekoak izan daitezke (kristal itxurakoak, aleak)
parametro fisiko asko oso aldakorrak dira (adibidez: kg/m³ gutxiko masa bolumetrikoa izatetik ehunka kg/m³-koa izatera igaro daiteke, edo ia kohesiorik ez izatetik ikaragarrizko kohesioa izatera)
tenperaturarekiko sentikortasuna erabatekoa da
ezaugarrien aldakortasuna ere oso handia da, ingurunearen arabera (adibideak: elur-hautsa / plaka gogorrak) eta denboran zehar ere bai (elur mantuaren eraldaketa edo metamorfosia)