Nurenbergeko Legeak

Odolaren garbiketa azaltzen zuen eskema.

Nurenbergeko Legeak (alemanez: Nürnberger Gesetze) nazien gobernuak 1935ean juduen aurka egindako lege batzuk izan ziren. Lege hauekin, juduek zituzten eskubide apurrak galdu zituzten. Judua nor zen zehaztu zen eta horrela, nahikoa zen belaunaldi batzuk lehenagoko arbasoren bat judua izateko pertsona bat judu izan zedin, nahiz eta pertsona konkretu horrek judaismotik ezer ez jakin. Ezkontza mistoak debekatu eta judu alemaniarrak herritartasunik gabe geratu ziren. Juduen eta "ariar"ren arteko sexu harremanak debekatu zituzten. Hilabete batzuk beranduago, antzeko legeak egin zituzten beltzen, ijituen eta mestizoen aurka.

Alemaniar gizartearen arraza garbiari eutsi behar zelako ideiaren ondorioz, juduen aurkako jazarpena jadanik hasia zegoen naziek botere lortu zutenetik. 1933an, juduen negozioen kontrako boikota ezarri zen baina Nurenbergeko Legeak eman zioten indar guztia antisemitismoari.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne