Ofimatika hitza “offi-” (latinezko “officina” hitzetik datorrena eta euskaraz ‘bulego’ esanahia duena) eta “-matika” (‘informatika’ hitzetik hartutakoa) hitz-zatiez osatutako akronimoa da. Termino horrek bere barnean hartzen du bulegoetan burutu ohi diren zereginak automatizatzeko, hobetzeko eta optimizatzeko teknika, aplikazio eta gailuen multzoa. Hala ere, beste zenbait era ere badira kontzeptu honi erreferentzia egiteko. Hala nola: neurotika, idazmahaiaren automatizazioa, bulegoaren automatizazioa, etab.[1][2] Gailu eta erreminta ofimatikoek (hardware- eta software-ekipamenduak, alegia) ahalbidetzen dute bulego batean beharrezkoa den informazioa sortzea, manipulatzea, transmititzea edota biltegiratzea. Izan ere, ofimatikaren helburu nagusia ataza horien burutze-prozesua sinplifikatzea dela esan daiteke, bulegoetako langileek denbora-galtze ez beharrezkoak saihesteko, enpresei kostuak murriztuz, gainera.
Hasiera batean, ofimatika idazki digitalak burutzean oinarritzen zen. Gaur egun, ordea, enpresa baten organizazioa komunikazioen menpekoa da gero eta gehiago, eta horrek ondorio argiak ditu ofimatikaren arloan. Gauzak horrela, ofimatika honako gai hauetaz arduratzen da: informazioaren trukatze digitalaz, datu numerikoen tratamenduaz, bileren planifikazioaz eta lan-kronogramen administrazioaz.