Ogiaren historia, gizakiaren elikaduran, gizakiak zerealak etxekotu zituenean hasi zen. Ogia zerealen prozesamenduaren produktu zuzena da, eta seguru aski zerealetatik abiatuta sortutako lehen janaria izan zen. Seguru aski, ogia, olioa eta ardoa gizakiaren historiako lehen janari prozesatuak izan ziren.[1]
Zerealak ezin dira, bere hartan, ongi digeritu gizakiaren gorputzean. Horregatik, zerealak prozesatu egiten dira (ehotu, beratu, etab.) eta, horrela, gizakiarentzako oinarrizko elikagai bihurtzen dira. Karbohidratoen iturri garrantzitsua dira, eta okelak eskaintzen dituen proteinekin batera, dieta egokia osatzen dute.[2] Hortaz, garagar aldaera zenbaitekin egindako lehen ogia elikaduraren historiako lehen janari prestatua izan zitekeen.[3]
Kulturen historian zehar, ogia eskualde bakoitzean eskuragarri zegoen zerealarekin prestatu izan da. Europan eta Afrikako zati batean, garia izan da erabiliena; Amerikan artoa izan da ogiaren oinarria; eta Asian arroza erabili dute batez ere. Zenbait tokitan, ogia egiteko erabilitako zereala gizarte diskriminaziorako ere erabili izan da: zekalez egindako ogi ilunak, adibidez, txiroen ogitzat hartu izan dira, eta zuriagoak diren gari ogiak, eliteentzako ogitzat.[4] Kultura askotan, ogia eta elikagaia sinonimoak dira, eta munduko toki askotan erlijio eta gizarte errituetako osagai nagusia da. Gaur egun, nahiz eta gutxiago kontsumitzeko joera egon herrialde aberatsetan, bere garrantzi ekonomikoari eusten dio, adibidez KPI bezalako indizeak eta bizitzaren kostua kalkulatzeko orduan.