Oorten hodeia

Kuiper gerrikoa eta Oorten hodeia erakusten duen irudikapen artistikoa.

Oorten hodeia[1], Öpik-Oorten hodeia ere deitua, Ernst Öpik eta Jan Oorten omenez[2], ustez eguzki-sistemaren mugan dagoen eta transneptunotar objektuak dituen hodei esferiko bat da. Eguzkitik ia argi-urte batera kokaturik dago, hau da, guregandik hurbilen dagoen Proxima Centauri izarrera dagoen distantziaren laurden batera. Hodei hau oraindik ez da zuzenean behatua izan eta, horregatik, oraindik ezin izan da frogatu bere existentzia. Eguzkitik urrunen dauden objektu multzoak, hala nola, Kuiper gerrikoa, transneptunotar objektuak eta disko sakabanatua, Oorten hodeia baino ehun aldiz hurbilago daude Eguzkitik. Azkeneko estatistikek diotenez, hodei honek bilioi bat eta ehun bilioi objektu artean eduki ditzake; hori horrela bada, Lurrak duen masa halako bost izango luke hodeiak. 

Oorten hodeiak bi gune desberdin ditu: kanpoaldeko Oorten hodeiak forma esferikoa du, eta barnealdeko Oorten hodeiak, Hillsen hodeia ere deituak, disko itxura. Hodeiaren barnean dauden objektuak izotzez, metanoz eta amoniakoz osatuak dira, beste substantzia batzuen artean. Objektu horiek, seguru aski, Eguzkitik oso hurbil sortu ziren, eguzki-sistemaren sorreraren lehen ataletan. Objektuok, sortu ondoren, gaur egun dauden kokalekuetara iritsi ziren, planeta erraldoien grabitazio indarraren ondorioz[3].

Oorten hodeia oraindik ezin izan da zuzenean behatu (halako distantzian dagoen objektu bat ezin da behatu, ezta X izpiekin ere). Hala ere, astronomoek uste dute bertan egon daitekeela Halley eta periodo luzeko beste kometa guztien eta, beharbada, hainbat zentauro eta Jupiterren kometaren jatorria[4]. Oorten hodeiaren kanpoaldean egon daitezkeen objektuak, seguraski, grabitazionalki ez dira oso lotuak egongo Eguzkiarekin eta beraz, inguruko izarren eta Esne Bidearen eraginez, eguzki-sistemaren barnealdera jaurtiak izaten dira[3]. Periodo motzeko kometa gehienen sorlekua disko sakabanatuan dagoen arren, astronomoek uste dute Oorten hodeian dutela bakan batzuek beraien sorlekua[3][4]. Kuiper gerrikoan eta disko sakabanatuan hainbat objektu aurkitu diren bitartean, Oorten hodeiaren kide diren bost objektu baino ez ditugu ezagutzen: (90377) Sedna, (148209) 2000 CR105, (308933) 2006 SQ372, 2008 KV42 eta  2012 VP113[5]. Aipatutako objektu guztiak barnealdeko Oorten hodeian kokaturik daude[6]. 2015eko azaroaren 10ean Nature aldizkariak trasneptunotar objektu berri bat aurkitu zela zabaldu zuen, Oorten hodeian kokaturik egon beharko luke objektu honek, Natureren arabera[7].

  1. «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-06-12).
  2. (Ingelesez) Whipple, F. L.. (1987-09-30). «A review of cometary sciences» Phil. Trans. R. Soc. Lond. A 323 (1572): 339–347.  doi:10.1098/rsta.1987.0090. ISSN 0080-4614. (Noiz kontsultatua: 2018-06-12).
  3. a b c Morbidelli, Alessandro (2005). «Origin and Dynamical Evolution of Comets and their Reservoirs». 2017ko abenduaren 8an ikuskatua.
  4. a b Emel'yanenko, V.V.; Asher, D.J. y Bailey, M.E. (2007). «The fundamental role of the Oort cloud in determining the flux of comets through the planetary system». Monthly Notices of the Royal Astronomical Society 381 (2). 779-789 or.
  5. Europa Press (2014ko martxoaren 26). «Un nuevo planeta enano cambia el mapa del Sistema Solar». 2017ko abenduaren 8an ikuskatua.
  6. Morbidelli, A. eta Levison H. F. (2004). «Scenarios for the Origin of the Orbits of the Trans-Neptunian Objects 2000 CR105 and 2003 VB12 (Sedna)». The Astronomical Journal 128 (5). 2564-2576 or.
  7. Artikulu bat

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne