Organo bat (latinez organum; «tresna») ehun multzo bat da, betekizun jakin bat duen bizidunaren zatia edo egitura, funtzio fisiologiko bat betetzeko moldatua eta espezializatua.
Ehuna jarduera espezializatuak egiteko elkarrekin funtzionatzen duten zelula-taldea da[1]. Ehunak konbinatu egiten dira funtzio jakin bat duen organo bat osatzeko. Bestalde, oinarrizko lau ehun mota daude: epitelio-ehuna, ehun konektiboa, muskulu-ehuna eta nerbio-ehuna[2]. Epitelio-ehunak gorputzaren gainazalak eta barrunbe hutsak estaltzeaz gain, guruinak eratzen ditu. Ehun konektiboak gorputzaren organoak konektatzen eta babesten ditu, odol-hodiak beste ehun batzuetara banatzen dituen bitartean. Muskulu-ehuna uzkurtu egiten da gorputzaren atalak mugituz eta honen ondorioz beroa sortzen du. Azkenik, nerbio-ehunak informazioa eramaten du gorputzaren alde batetik bestera nerbio-bulkaden bidez. Esate baterako, heste-horma, adibidez, ehun epitelialez eta muskulu-ehunez osatuta dago[3].
Bi ehun-mota edo gehiago batuz organoak eratzen dira. Funtzio espezifikoak dituzte, eta normalean forma zehatzak izaten dituzte, bihotza, urdaila, gibela, garuna, azala, hezurrak eta birikak organoen adibideak dira. Barne-organoei erraiak ere esaten zaie. Organismo baten organo kopurua erabilitako definizioaren araberakoa da. Gehien onartutako definizioa jarraituz, 79 organo identifikatu dira giza gorputzean.
Elkarrekin lan egiten duten bi organo edo gehiagok organo sistema edo aparatua osatzen dute, funtzio konplexuagoak gauzatzeko eta organismoaren homeostasia mantentzeko. Esate baterako, zirkulazio-aparatua bihotzak, odol-hodiek eta odolak osatzen dute, odola eta mantenugaiak gorputzean zehar garraiatzeko funtzioa du. Batzuetan, organo bat sistema edo aparatu baten baino gehiagoren parte da. Pankrea adibidez, digestio-aparatuaren parte izateaz gain sistema endokrinoan ere ageri da.