Palestinako sukaldaritza

Maqluba arroz prestaketa.

Palestinako sukaldaritza palestinarrek jaten dituzten elikagaiez osatua dago; palestinarren barnean hartu behar dira Palestinar Lurralde Okupatuetako biztanleak, arabiar israeldarrak, inguruko herrialdeetako errefuxiatu palestinarren kanpamentuetako biztanleak eta palestinar diasporako kideak.

Palestinako sukaldaritza sortu zen Palestinan ezarritako herrietatik, bereziki Omeiatarren kalifa herriaren garaian. Geroago, persiar eraginak izan zituen (abbastarren kalifa herria) eta, azkenik, turkiar eragin handiak, Otomandar Inperioaren garaian iritsi ziren populazioengatik. Sortaldeko beste sukalde batzuen antzekoa da, batez ere Libanoko, Siriako eta Jordaniako sukaldaritzaren gisakoa.

Palestinarrek egunean zenbait aldiz jaten duten arren, bazkaria da otordu nagusia. Sukaldaritza estiloak aldatu egiten dira eskualde batetik bestera, osagaiak eta tradizioak eskualde bakoitzeko klimarekin lotuta egoten baitira. Arroza eta zenbait kibbeh mota ―arkume haragi xehatuz eta bulgurrez egindako opil frijituak― ohikoak dira Galilean. Zisjordaniako otorduak ugariagoak izan ohi dira eta, gainera, tabun ogia (Tunisian egiten denaren antzekoa), arroza eta haragia erabiltzen dituzte. Kostaldeko lautadako biztanleek arraina, itsaskiak eta dilistak ere jaten dituzte. Gazako zerrendan, pipermina maiz erabiltzen da. Otorduak, orobat, etxean egin eta hartzen dira, baina kanpoan jatea ohikoa bihurtu da, batez ere jai egunetan; plater arinak zerbitzatzen dira, hala nola entsaladak, dipak eta haragi burruntziak.

Azkenburuak ere ugari dira eskualdeko sukaldaritzan; batzuk eguneroko otorduetan prestatu ohi dira, beste batzuk egun berezietarako erreserbatzen dira. Palestinako gozoki gehienak gazta gozatuekin estalitako opilak izan ohi dira, datilekin edo fruitu oskoldunekin nahasirik, hala nola arbendolak, intxaurrak eta pistatxoak. Edarien kontsumoa festen arabera aldatzen da; adibidez, Ramadanean, algarrobo, tamarindo eta abrikot zukuak kontsumitzen dira eguzkia sartu ondoren. Kafea egun osoan kontsumitzen da, edari alkoholdunak ez daude oso zabalduta, baina batzuk, hala nola araka edo garagardoa, arruntak dira kristau palestinarren eta musulman ez kontserbadoreen artean.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne