Geometrian, parabola, grekerazko παραβολή hitzetik, foku deritzon puntu finko batetik eta zuzentzailea deritzon zuzen finko batetik distantzia berera dauden planoko puntuen multzoak osatzen duen kurba edo puntu horien leku geometrikoa da. Konika edo sekzio koniko bat ere bada parabola: zehatzago, erreboluziozko kono batekin konoaren sortzaileekiko paraleloa den plano bat ebakitzean sortzen den kurba da. Kalkuluan, funtzio koadratiko guztiak parabolak dira.
Errealitatean gorputzen erorketa-mugimenduen ibilbideetan eta astro edo argizagi zenbaiten orbita gisa agertzen da parabola. Ingeniaritzan ere maiz erabiltzen da, zubien eraikuntzan esaterako.