Paviako gudua, 1525eko otsailaren 24ko goizean gertatua, 1521-1526 bitarteko Italiako Gerra erabaki zuen gudua izan zen. Karlos V.a enperadorearen germaniar-espainiar armadak mendean hartu zuen Frantzisko I.a Frantziakoa buru zuen frantses armada.
Frantzisko I.arekin eskuz esku Henrike II.a aritu zen Nafarroan gatazka artean gori-gori zegoela. Frantsesak eta nafarrak galtzaile atera ziren; are, enperadorearen tropek bi erregeak atzeman zituzten. 1526ko Madrilgo Itunean zehaztu ziren porrotaren ondorio politikoak. Kolpe oso gogorra izan zen Nafarroa subiranoaren berreskurapen ahaleginerako eta nafar erregearen asmoentzat.