Peter Seamus Lorcan O'Toole (1932ko abuztuaren 2a, Connemara, Galway, 2013ko abenduaren 14a, Londres) zinema, antzerki eta telebistako irlandar aktore bat izan zen.
Bere jaiolekua zalantzan dago: bertsio batzuen arabera, Irlandako Connemara eskualdean jaio omen zen eta beste batzuen arabera, Ingalaterrako Leeds hirian. Dena den, bere burua irlandartzat zuen.
Antzerkian hasi zen. Telebistan ere aritu ostean, 1959an paper txiki bat jaso zuen zineman. Hala ere, 1962an etorri zen O'Tooleren zinemako aurrerapauso handien, David Leanen Lawrence of Arabia filmeko protagonistaren paperako aukeratu zutenean. Horri esker, Oscar sarirako izendapena jaso zuen. Sei izendapen gehiago lortu zuen arren, ez zuen inoiz saria irabazi. Halere, 2003an bere ibilbide luze eta oparoari esker, Ohorezko Oscar Saria jaso zuen.
Haren zaletasunen artean cricketa eta errugbia zeuden: Richard Harris, Kenneth Griffith, Peter Finch eta Richard Burton akore eta adiskideekin batera errugbiko Bost Nazioen Torneoko partidu asko ikustera joan ohi zen (O'Toole, Harris eta Burtonek batera Oscar Sarietarako 17 izendapen zituzten).
Constance Jane Ferguson erizain eskoziarraren eta Patrick Joseph O'Toole irlandarraren (metal-urregilea, futbol-jokalaria eta lasterketa-apustuen kudeatzailea) semea izan zen. O'Toolek urtebete zuenean, gurasoek bost urteko bira hasi zuten Ingalaterrako iparraldeko hirietan, han egiten baitziren apustu handienak. Bigarren Mundu Gerra hasi eta gutxira, Peter O'Toole Leeds-era ebakuatua izan zen eta moja-eskola katoliko batean sartu zuten, 7 edo 8 urtez. Urte haiek oso gogorrak zitzaizkiola gogoratzen zuen berak, maiz izaten zituen hematomak eta gainerako zauriak mojek ezarritako diziplina zigorrengatik. Ezkertia zen eta "akats hori erregela-kolpeekin" zuzentzen saiatu ziren.[1]