Petrolio erreserbak

Munduko petrolio-erreserben mapa, 2013.

Petrolio-erreserbek teknikoki berreskura daitekeen petrolio gordinaren zati bat adierazten dute, finantzarioki erabiltzeko bideragarria izan litekeen petrolioaren kopurua, merkatuak onartuko lukeen prezioan.[1] Beraz, erreserbak prezioari lotuta daude, petrolio-baliabideak ez bezala. Petrolio baliabideak atera litekeen petrolio guztia litzateke, teknikoki edozein preziotan lor litekeena. Erreserbak putzu, gordailu, eremu, nazio edo mundu osorako izan daitezke. Erreserben sailkapenak haien ziurtasun-mailei lotuta daude.

Petrolio-biltegi batean aurreikusitako petrolio-kantitateari, olio ekoizgarria zein ez-ekoizgarria barne, lekuan lekuko petrolioa deitzen zaio; tokian tokiko petrolioa. Hala ere, petrolioa erauzteko teknologietan gordailuek dituzten ezaugarriak eta mugak direla eta, olio horren zati bat baino ezin da azalera ekarri, eta frakzio hori bakarrik jotzen da erreserbatzat; alde batetik teknikoki erauzi daitekeena eta bestetik, ekonomia aldetik ere atera daitekeen petrolioa, dirua galdu barik, (erauzketa prozesuan behar den energia aterako dena baino handiagoa ez denean merezi ohi du petrolioa ateratzea, bestela ez).

Gordailu jakin bateko erreserben eta petrolio-kantitate osoaren arteko erlazioari berreskuratze-faktore deritzo. Eremu jakin baterako berreskuratze-faktorea zehazteko, eragiketaren zenbait ezaugarri hartu behar dira kontuan, baita erabilitako petrolioa berreskuratzeko metodoa eta garaian garaiko aurrerapen teknologikoak ere.

LPEEk 2013aren hasieran emandako datuen arabera, frogatutako petrolio-erreserba handienak, petrolio-gordailu ez-konbentzionalak barne, Venezuelan daude, (munduko erreserben %20), Saudi Arabian (munduko erreserben %18), Kanadan (munduko erreserben %13) eta Iranen (%9).[2] Zerrendako hurrengoak hauek ziren 2013. urtean: Irak, Kuwait, Arabiar Emirerri Batuak, Errusia, Libia, Nigeria, Kazakhstan, Qatar, Txina, AEB, Angola, Aljeria, Brasil...

Zorupeko geologia ezin denez zuzenean aztertu, zeharkako teknikak erabili behar dira baliabidearen tamaina eta eskuragarritasun kopurua kalkulatzeko. Teknologia berriek teknika horien zehaztasuna handitu duten arren, oraindik ere zalantza handiak daude. Oro har, petrolio-eremu bateko erreserben kalkulu goiztiarrenak kontserbadoreak izan ohi dira, eta hazi egiten dira denborarekin. Fenomeno horri erreserba-hazkunde deritzo.[3]

Petrolioa ekoizten duten Estatu askok ez dituzte erreserba-ingeniaritzaren inguruko datuak ematen, eta, horren ordez, beren petrolio-erreserbek ikuskatu gabeko estimazioak egiten dituzte. Zenbait gobernuk emandako zifrak, arrazoi politikoengatik, manipulatuta daudela susmatzen da.[4][5] Erreserba handiak kanpotarren inbertsioak erakarriko, barrukoen lasaitasuna ekarriko... eta benetako zifrak puzteko tentazioan eror daitezke hainbat gobernuk.

  1. Society of Petroleum Engineers, Petroleum reserves and resources definitions, accessed 24 February 2017.
  2. «OPEC : OPEC Share of World Crude Oil Reserves» www.opec.org (Noiz kontsultatua: 2021-10-21).
  3. David F. Morehouse. The Intricate Puzzle of Oil and Gas Reserves Growth. .
  4. Proven Oil Reserves. .
  5. The Asylum, Leah McGrath Goodman, 2011, Harper Collins

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne