Pinnipedia

Pinnipedia
Sailkapen zientifikoa
KlaseaMammalia
OrdenaCarnivora
Infraordena Pinnipedia
Illiger, 1811
Familiak
Banaketa mapa

Pinnipedia (pinipedoak), Caniformia subordenaren barruan kokatzen den ugaztun karniboroen infraordena bat da. Morfologikoki gorputz luzea, hanka laburrak eta gorputz-adar palmatuak dituzte. Taldeetan bizi ohi dira, eta haien dieta arrain, molusku eta krustazeoetan oinarritzen da. Cetacea eta Sirenia taldeekin batera ur-ingurumenetan bizitzera guztiz ohitu diren ugaztun bakarrak dira Pinnipedia talde monofiletikoa da froga molekularren arabera eta horren barruan, Otariidae (itsas lehoiak eta itsas hartzak), Phocidae (itsas txakurrak) eta Odobenidae (mortsak) familiak bereiz daitezke, guztira 34 espezie bizi eta iraungitako 50 espezie deskribatu dira.

Pinipedoen tamaina oso aldakorra izan daiteke, 1 m eta 45 kg (Pusa sibirica) eta 5 m eta 3.200 kg (Mirounga leonina) artekoa. Espezie ugarik dimorfismo sexuala erakusten dute. Gorputz hidrodinamikoa eta hegats izaera duten 4 gorputz-adar dituzte. Pinipedoak uretan izurdeak bezain azkarrak ez izan arren, malguagoak dira. Otaridoek aurreko hegatsak erabiltzen dituzte beraien gorputza uretan zehar bultzatzeko, fozidoek eta mortsek, aldiz, atzeko hegatsak erabiltzen dituzte funtzio berdina betetzeko. Otaridoek eta mortsek atzeko hegatsak gorputzaren azpialdean kokatu ditzakete lehorrean oin bezala erabiltzeko. Horrek fozidoek baino lokomozio lehortar hobea izatea baimentzen die. Fozidoek eta mortsek ez bezala, otaridoek kanpo belarri ikusgarriak dituzte. Pinipedoek zentzumen oso garatuak dituzte, besteak beste, ikusmena eta entzumena airera zein uretara egokituta dute eta biboteetan ukimen sistema aurreratua dute. Espezie batzuk ur sakonetaraino murgiltzeko gai dira. Ur hotzetan gorputzeko beroa mantentzeko, pinipedoek gantz geruza bat dute azalaren azpian.

Pinipedoak munduko itsaso gehienetan bizi arren, subordeneko espezie gehienek Ipar-hemisferioko eta Hego-hemisferioko ur hotzak nahiago dituzte. Gainera, zenbait espezie ur gezetakoak dira, Ladogako itsas txakurra esaterako. Pinipedoek bizitzaren zati nabari bat urpean pasa arren, lur lehorrera azaleratzen dira ugaldu, kumatu, ileberritu, deskantsatu edo itsas harrapakariengandik, marrazoengandik eta orkengandik, ihes egiteko. Espezie gehienak ornogabe itsastar txikietaz elikatzen badira ere, itsas lehoinabarra gisako espezieak ornodun handietaz, pinguinoetaz edo beste pinipedo espezietaz esaterako, elikatzen dira. Ugalketari dagokionez, poliginia oso arrunta da superfamilia honen barruan. Kumeak udaberri-uda aldean jaio ohi dira eta emeek zaintzen dituzte: ama batzuk, mortsen kasuan adibidez, kume gazteak itsasoan zaintzeko gai dira.


From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne