Piramidea (grezieratik, πυραμίς, pyramís[1][2]) eraikuntza mota bat da, zeinak gainazalak hiruki-antzak diren eta goiko puntu batean elkartzen diren, gutxi gora-behera piramide geometrikoen antzekoak. Oinarria hirukia, laukia edo beste poligono bat izan daiteke, nahiz eta ohikoena lau aldekoa izan.
Piramide-itxurak, non pisu handiena lurretik hurbil[3] eta gailurra elementu txikiz osatua dagoen, ahalbidetzen du material gutxiago egotea goialdean beherantz indarra egiten, egonkortasuna hobetuz. Pisuaren antolamendu honi esker, zibilizazio zaharrek egitura monumental egonkorrak egitea lortu zuten.
Munduko hainbat zibilizaziok eraiki zituzten piramideak, elkar urrun diren eta historian zehar loturarik izan ez dutenak. Ehunka urtez, munduko eraikuntza handienak piramideak izan dira: lehena Piramide Gorria (Dahshur) eta gero Keopsen piramidea (Gizako Nekropolia), biak Egipton eta bigarrena zutik dirauen munduko zazpi mirarien artean bakarra. Egun, munduko piramide handiena, bolumena kontutan hartuta, Cholulako piramide handia da, Mexikoko Puebla estatuan kokatua.