Plastikoak kimika eta teknologiaren ikuspegitik, material organiko polimerikoak dira. Karbono, oxigeno eta hidrogenozko (eta neurri txikiagoan fluor, kloro, nitrogeno edo siliziozko) molekula erraldoiz osaturik daude, eta pisu molekular altua dute. Molekulen sorburua naturala edo sintetikoa izan daiteke. Naturalen artean, zelulosa, argizaria eta kautxua daude, eta sintetikoen artean, besteak beste, bakelita, polietilenoa eta nylona. Plastiko moderno ia guztiak erregai fosiletatik eratorriak dira: gas naturaletik edo petroliotik.
Gaur egun ia mundu osora zabalduta dagoen Mendebaldeko zibilizazio industrialak masiboki erabiltzen ditu plastikoak, batez ere jende aberatsenen artean, eta horrek kutsadura larria eragin du planeta osoan: plastikoak daude nonahi, hirietan eta naturan barreiatuta; eta denborarekin plastikoak zati txikitan deseginez doazenez, mikroplastikoak izaki bizidun guztietan sartzen dira, baita gizakien barruan ere.[1]
Oso neurri txiki batean, lehengai berriztagarrietatik egindako plastikoak ere egiten dira, hala nola artotik edo kotoitik eratorriak;[2] Lehengai berriztagarri horiek giza elikadurarako, jantzigintzarako eta abarretarako ere erabiltzen direnez, plastikoak egiteko erabiltzearen albo ondorio bat da elikagaiak eta jantziak garestitzea.