Polarizazio elektromagnetikoa orientazio bat baino gehiagorekin oszila dezaketen uhinen propietate bat da.[1][2][3][4] Normalean zeharkako uhinei egiten diete erreferentzia, bereziki uhin elektromagnetikoei, nahiz eta zeharkako uhin mekanikoetan ere gerta daitekeen. Bestalde, soinu-uhinak, gas edo likido batean gertatzen direnak, soilik luzeratako uhinak dira, eta horien oszilazioa beti uhinaren noranzkoan doa; beraz, ez da polarizazioaz hitz egiten uhin hauen kasuan. Polarizazioa erakusten duten zeharkako uhinek uhin elektromagnetikoak barne hartzen dituzte (argia eta irrati uhinak esaterako), uhin grabitazionalak eta zeharkako soinu uhinak (zizailatze-uhinak) solidoetan.
Argia bezalako uhin elektromagnetiko bat eremu elektriko oszilatzaile akoplatu bat eta eremu magnetiko perpendikular batean datza, tradizionalki, uhin elektromagnetikoen "polarizazioa" eremu elektrikoaren norabideari dagokio. Polarizazio linealean eremuek noranzko bakarrean oszilatzen dute. Polarizazio zirkularrean edo eliptikoan, aldiz, eremuak abiadura konstante batean mugitzen dira plano batean uhinak bidaiatzen duen heinean. Errotazioak bi noranzko desberdin izan ditzake: batetik, eskuineko polarizazio zirkularra deritzona, hots, eremuak uhinaren desplazamenduaren norabidearekiko eskuineko eskuaren noranzkoan biratzen duenean; eta, bestetik, ezkerreko polarizazio zirkularra deritzona, eremuak ezkerreko eskuaren noranzkoan biratzen duenean.
Argia edo beste hainbat iturritako erradiazio elektromagnetikoa (adibidez, eguzkia, sugarrak eta lanpara goriak) polarizazioen nahasketa berdina duten uhin laburreko trenetan datza; honi argi ez polarizatua deritzo. Argi polarizatua sor daiteke argi ez polarizatua polarizadore batetik pasatuz, polarizazio bakarreko uhinak soilik igaro daitezkeen iragazki batetik alegia. Material optiko ohikoenak (adibidez, beira) isotropikoak dira eta ez diote haietatik igarotzen den argiaren polarizazioari eragiten; hala ere, material batzuek (birfringentzia, dikronismoa edo jarduera optikoa erakusten dutenak) argiaren polarizazioa alda dezakete. Horietako batzuk iragazki polarizatzaileak sortzeko erabiltzen dira. Bestalde, argia partzialki polarizatuta dago gainazal batean islatzen denean.
Mekanika kuantikoaren arabera, uhin elektromagnetikoak fotoi deituriko partikulen korronte gisa ere ikus daitezke. Era honetan ikusten direnean, uhin elektromagnetikoaren polarizazioa fotoien propietate mekaniko-kuantiko batek zehaztuta dago, espin izeneko propietateak zehazten baitu.[5][6] Fotoi batek bi espin posibleetako bat du: eskuineko eskuaren noranzkoan edo ezkerreko eskuaren noranzkoan bira dezake bere ibilbidearen norabidearekiko. Polarizazio zirkularreko uhin elektromagnetikoa espin bakarreko fotoien bitartez osatuta dago, eskuinekoa edo ezkerrekoa. Linealki polarizatutako uhina ezker-eskuin zirkularki gainjarritako egoera polarizatuetan dauden fotoien bidez osatuta dago, anplitude berdinarekin eta fase sinkronizatuekin plano batean oszilazioa emateko.
Polarizazioa parametro oso garrantzitsua da zeharkako-uhinen zientzian; hala nola, optikan, sismologian, irratian eta mikrouhinetan. Bereziki eragina du laser teknologian, hari gabeko eta zuntz optikozko telekomunikazioetan eta radarretan.
Uhin elektromagnetiko batean, eremu elektrikoa zein eremu magnetikoa oszilatzaileak dira, baina noranzko desberdinetan; bata bestearekiko perpendikularrak dira, eta uhinaren propagazio norabidearekiko perpendikularrak ere bai.