Polartasuna edo polaritatea, kimikan, molekulek duten ezaugarri bat da, euren barnean sortzen diren karga-banaketek zehazten dutena. Ezaugarri honek molekulek osatzen dituzten konposatu edo substantzietan era esanguratsuan eragiten du, hala nola, substantzia baten urtze- edo irakite-puntuan, disolbagarritasunean, molekularteko indarretan, eta abar.
Polartasuna molekula osatzen duten atomoen loturen araberakoa da. Atomo orok elektronegatibotasun izeneko ezaugarri bat du, zeinak atomoak lotura bat ezartzerakoan lotzen den beste atomoaren elektroiak erakartzeko gaitasuna adierazten duen. Elektronegatibotasuna zenbat eta handiagoa izan, orduan eta gaituagoa egongo da lotuta dagoen atomoen elektroiak erakartzeko.