Poliziaren gehiegikeria

Ertzaintza Batasunaren legez kanporatzea salatzeko deituriko "Gora Euskal Herria" manifestazioan, Bilbon.
Ian Tomlinson arrazoirik gabeko polizia-eraso batengatik hil zen 2009 urtean, lanetik etxera itzultzen zelarik, Londresko G-20 gailurraren aurkako protesten errepresioan.
Poliziaren gehiegikeriak erakundearen aurkako jarrera sortu du gizartean. Irudian, Gizon bat zen, orain poli bat da dioen pintada (La Polla Records taldearen kanta bateko leloa), Donostian.

Poliziaren gehiegikeria terminoak poliziak pertsonen aurkako jokaera okerrak biltzen ditu, giza eskubideen aurka, hala nola neurrigabeko indarkeria fisikoa (hilketarainokoak, kasu batzuetan), mehatxuak, irainak, gehiegizko zela eta arrazoirik gabeko atxiloketak, poliziak duen agintaritzaz baliatuta. Noiznahi gerta badaiteke ere, poliziaren gehiegikeriak nabarmenak izan dira errepresio politikoan, botere politikoaren onarpenaz askotan, gizarte-gutxiengoetan eta beheko gizarte-klaseetan. Emakumeak ere poliziaren gehiegikeriaren biktimak izaten dira, askotan sexu-erasoak ere pairatuz. Polizien antzera presondegietako funtzionarioek egiten dituzten gehiegikeriak ere salatzen dira.

Zuzenbide anitzetan poliziaren gehiegikeriak poliziaren kriminaltasunaren baitan sartzen badira ere,[1] pertsonen aurkako gehiegikeria kasuak salatu eta justiziaz ebazteko zailtasunak eta oztopoak ere agerikoak izaten dira herrialde askotan, bai poliziaren beraren aldetik bai justiziagintzaren aldetik. Gizartean ere jarrera politiko zenbait bereizten da gai horren inguruan, poliziaren lana printzipioz erabat aldeztu eta poliziarekiko konfiantza osoa dutenak alde batetik, eta polizia zorrotzago kontrolatu behar dela baieztatzen dutenak bestetik. Beren gehiegikeriek poliziaren aurkako jarrera ere sortu dute gizarteko sektore zenbaitetan.

Arazo horietan garrantzi handia duten beste eragileak hedabideak dira: batzuek bertsio ofizialak jaso eta poliziaren gehiegikeria kasuak justifikatu soilik egiten dute, baina beste hedabide batzuek kasu horiek ikertu, zabaldu eta haietaz erantzukizunak eskatzen dituzte. Halaber, zenbait elkartek polizia gehiegikeria aztertu eta salatzen dute, nazioarteko Amnesty International eta Human Rights Watch ezagunek, kasu. Martxoaren 15 poliziaren gehiegikeriaren aurkako nazioarteko eguna da, Estatu Batuetan urriaren 22an poliziaren gehiegikerien aurkako ekitaldiak egiten badira ere.

  1. Poliziaren ustelkeria kasuak, esaterako, poliziaren gehiegikeriatzat ez baizik eta poliziaren kriminaltasunaren barnean kokatzen da.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne