Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
Positibismo logiko, neopositibismo edo enpirismo logikoa, zientziaren filosofian XX mendearen lehen herenean sortu zen korrontea izan zen, eta bere ordezkari nagusiak Vienako zirkulua deitzen den filosofo eta zientifikoak izan ziren (Alemanez Wiener Kreis). Positibismoaren arabera, ezagutza lortzeko balizko metodo bakarra, metodo zientifikoa zen. Neopositibismoak, positibismotik bereizteko, metodo zientifikoaren auziari heldu zion, eta metodo zientifikoa, enpirikoa eta egiaztagarria den horretara mugatu zuen. Garai horretako pentsalari nagusiak, besteak beste, honako hauek izan ziren: Moritz Schlick, Ernst Mach, Bertrand Russell eta Ludwig Wittgensteinen.
Enpirista logikoek beren ikuspegi gnoseologiko eta metodologikoak barneratzen zituen zientziaren ikuspegi orokor bat plazaratu zuten. Perspektiba horren tesi ezagunena honako hau zen:“esaldi bat esanguratsua izatekotan metodo enpirikoarekin egiaztatua izan behar du edo bestela analitikoa izan behar du, gainontzean, ez da esanguratsua". Lehenen baldintza, zientzia enpirikoek betetzen dute soilik, eta bigarrena, logikak eta matematikak. Esaldi filosofikoen kasuan, ez dute baldintza bakar bat ere betetzen, ondorioz, filosofiak proposizio multzo bat izatetik zientziaren enuntziatuak aztertzen dituen analisi logikoa burutzeko metodoa izatera igaro behar duela azpimarratzen dute enpirista logikoek.
Zientziaren filosofiaren inguruan enpirista logikoek dituzten posizioak (enuntziatuen zentzuaren sorrera, teoriak probatzeko modua, “esplikazio zientifikoa” kontzeptua edota zientziaren batasuna) “herentziazko ikuskera” (received view) goitizenez ezagutzen dira.