Posta elektronikoa, e-maila edo e-posta (ingelesez, e-mail)[4][5] komunikazio sistema elektronikoen bidez (normalean, Internet bidez) mezuak bidali eta jasotzea ahalbidetzen dituen sare-zerbitzua da. Mezu horiekin batera, fitxategiak ere atxiki daitezke. Ohiko postarekin alderatuz, azkarragoa eta merkeagoa da.
Zerbitzu horrek erabiltzaileen esku jartzen du mezuak bidali eta jaso ahal izatea komunikabide elektroniko sareei esker; mezu horiei gutun elektroniko edo posta elektroniko deritze. Posta elektroniko izendapena ohiko posta oinarri hartuz analogia bidez sorturiko hitza da. Aurreko biak mezuak jaso eta bidaltzeko erabiltzen dira, eta bitarteko postontzia dute biek, posta zerbitzaria. E-mailak ez ditu bakarrik testuak bidaltzen eta jasotzen, era guztietako fitxategiak ere igortzen baititu,[6] nahiz eta batzuetan pisu-mugak dauden fitxategi erantsiekin.[7][8]
Posta elektroniko sistemak birbidali eta biltzeko sisteman oinarritzen dira; beraz, ez da nahitaezkoa sistemaren bi muturrak aldi berean konektaturik egotea. Horretarako, posta zerbitzaria erabiltzen da, erdiko eginkizunak treba ditzan behin-behineko mezu biltegi bihurtzen da, ondoren, mezuak dagokien helbidera heltzen dira.[9] Interneten mota horietako hamaika posta zerbitzari daude: askeak, ordaindu beharrekoak, enpresa pribatuen esku daudenak...