Praenomen-a (praenomina pluralean), literalki «izenaren aurrekoa», Antzinako Erromatarren artean, egungo bataio izenaren antzekoa zen. Tria nomina («hiru izen») sistemaren lehen izena zen[1], ondoren, nomen-a erabiltzen zen, eta azkenik, cognomen-a, beti ere orokorrean hitz eginda. Hiritar estatusa zuten gizonek erabiltzen zuten, familia bereko gizonak euren artean bereizteko. Badirudi Erromaren historiaren hasieran praenomen ugari erabili zirela, baina denboraren poderioz, izen asko erabiltzeari utzi zieten eta Errepublika amaieran hogei izenek osatzen zuten zerrenda motz bat[2]. Oso ezagunak zirenez, eta hainbeste errepikatzen zirenez, oro har, laburduraz idazten ziren.