Pulitzer Saria (ingelesez: Pulitzer Prize, ˈpʊlɨtsər ahoskatua) Ameriketako Estatu Batuetako egunkari, aldizkari eta onlineko kazetaritzan, literaturan eta musika konposizioan emandako saria da. 1917an sortu zen Joseph Pulitzerren testamentuan utzitako funtsekin, hainbat egunkariren editore izatetik lortutako ondasunez baliatuz, eta Columbia Unibertsitateak kudeatzen ditu.[1] Sariak urtero ematen dira, hogeita bat kategoriatan. Horietako hogei ataletan, irabazle bakoitzak ziurtagiri bat eta 15.000 dolarreko diru-saria jasotzen du (2017. urtera arte, 10.000 dolar ziren).[2] Halaber, Zerbitzu publikoan kategoriako irabazleari urrezko domina bat ematen zaio.[3]