Termodinamikan, substantzia baten puntu hirukoitz bat substantzia horren hiru fase (solido, likido eta gas egoerakoak adibidez) oreka termodinamikoan batera agertzen diren tenperaturari eta presioari dagokien puntua da[1]; fase-diagrama batean sublimazio-, fusio- eta lurruntze-kurbak elkartzen diren puntuari dagozkion tenperaturak eta presioak xedatutakoa.
Adibidez, merkurioaren puntu hirukoitza 234,3156 K-eko tenperaturan (−38,8344 °C; −37,9019 °F) eta 0,165 mPa-eko presioan (1,63×10−9 atm) dago kokatuta; eta urarena 273,16 K-eko tenperaturan (0,01 °C; 32,018 °F) eta 611,657 Pa-eko presioan (0,00603659 atm).
Polimorfoak diren substantziek solido-fase bat baino gehiago dute eta, solido-, likido- eta gas-faseetarako puntu hirukoitzaz gain, beste puntu hirukoitz batzuk izan ditzakete. Helio-4a ezohikoa da, adibidez, sublimazio/jalkitze kurbarik gabe, bere solido-fasea eta gas-fasea elkartzen diren puntu hirukoitzik ez daukalako. Horren ordez, lurrun-likido-superfluido puntu bat, solido-likido-superfluido puntu bat, solido-solido-likido puntu bat eta solido-solido-superfluido puntu bat ditu. Horietako bat ere nahastu behar ez dela puntu hirukoitzik ez den Lambda puntu-arekin.
Uraren puntu hirukoitza Nazioarteko Unitate Sisteman (SIean) tenperatura termodinamikoaren oinarrizko unitatea den Kelvina (K)[2] definitzeko erabili zen. Uraren puntu hirukoitza hasieran ez zen neurketa bidez finkatu, definizioz baino; baina hori 2019ko SIaren oinarrizko unitateen definizio berriekin aldatu zen. Gaur egun substantzia batzuen puntu hirukoitzak 1990ko nazioarteko tenperatura eskalaren (ITS-90) puntuak definitzeko erabiltzen dira; hidrogenoaren puntu hirukoitzetik (13,8033 K (−259,3467 °C) eta 7,04 kPa (0,0695 atm)) hasita eta uraren puntu hirukoitzeraino (273,16 K (0,01 °C) eta 611,657 Pa (0.00603659 atm)).
"Puntu hirukoitza" terminoa James Thomson-ek sortu zuen, Lord Kelvin-en anaia.[3]