RSA 1977 urtean Ronald Rivest, Adi Shamir eta Leonard Adlemanek sortu zuten kriptografia-sistema edo zifratze-sistema da[1]. Oso zifratze-sistema segurua da eta zenbaki-teorian oinarritzen da. Berezia da publikoa den gako bat erabiltzen duelako. Erabiltzaile bakoitzak bi zifratze-gako ditu: bata publikoa eta bestea pribatua. Mezuak zifratuta jaso nahi dituen pertsonak bere gako publikoa beste edonori pasatzen dio, baina mezu zifratu horiek irakurtzeko behar den gako pribatua berak bakarrik daki. Sistema honetan abantaila handia da igorle eta hartzailearen artean ez dela gako sekretua adostu behar.
RSA algoritmoa erabiliz bidalitako mezuetan zenbakiak agertzen dira letren ordez. Zifratzearen funtzionamendua ausaz aukeratutako bi zenbaki lehen handi (gutxienez 100 digitu) lortzean datza, mezua zifratuta bidali dadin. Uste da RSA segurua izango dela zenbaki handi bat lehenen produktuan deskonposatzeko modu azkarrak ezagutzen ez diren bitartean.