- Artikulu hau 1911ko gerrari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Marokoko gerra».
Rifeko gerra (gaztelaniaz: Guerra del Rif), Marokoko gerra edo Afrikako gerra ere deitua, Rifen jazotako borroka bat izan zen, non bertako tribuek eta Rifeko Errepublika independenteak Espainia eta Frantziako inperio kolonialei aurre egin zieten 1911tik 1927ra. Marokoko Espainiar Protektoratua sortu zenetik Abd el-Krim errenditu arte iraun zuen.
Espainiako gobernuek kintak edo nahitaezko soldadutza baliatu zuten gerrillariei eta bertako herritarrei gailentzeko, hala Katalunian nola Hego Euskal Herrian (eta gutxiago beste lurralde batzuetan) protestak harrotu zituena, baita zentsura ere hedabideetan. Euskal eta katalan abertzaleak eta sozialistak zein komunistak agertu ziren gerraren edo/eta gerra politika zehatz horren kontra. Gerrako porrotek eta haren kontrako protesta giroak Miguel Primo de Riveraren estatu kolperako bidea zelaitu zuten.
Gerraren berezitasun handietako bat erabilitako krudelkeria txundigarria eta Rifeko herriaren kontrako espainiarren izu indiskriminatua izan zen, tartean zela Lehen Mundu Gerran asmaturiko arma kimikoak. Bertan borrokatu, zaildu eta sorgortu ziren 1936ko estatu kolpeko militar asko, hala nola Francisco Franco, Queipo de Llano eta Emilio Mola, besteak beste.