Robert Gabriel Mugabe (Kutama, Hego Rhodesia, 1924ko otsailaren 21a - Singapur, 2019ko irailaren 6a)[1] zimbabwetar politikari eta militarra izan zen, 37 urtez Zimbabwen agindu zuena. Gutxiengo zurien aginteari amaiera eman zion askapen mugimenduaren buruzagietako bat izan zen. 1980tik 1987ra lehen ministro izan zen, eta, 1987tik aurrera, konstituzioaren erreforma baten ondoren, presidente. 2017an, dimisioa eman behar izan zuen, Emmerson Mnangagwa presidenteordearen aldekoek estatu kolpea jo ondoren.[2]
Hil berritan askatzaile gisa aurkeztu zuten arren, haren aurkako ahotsak ugariak izan ziren azken urteetan. Zimbabweko Unibertsitateko John Makumbe politika irakasleren arabera, haren legatua suntsituta geratu zen azken urteetako indarkeria eta agintean irauteko egindako esku hartzeen ondorioz: "Bere benetako kolorea erakutsi zuen. Hiltzailea zen. Bere aurkariak hil zituen".[1]