Walter Richard Rudolf Hess (Heß alemanez) (Alexandria, Egipto, 1894ko apirilaren 26 – Berlin, Alemania, 1987ko abuztuaren 17) Alemania Naziko politikari nabarmena izan zen.
Hitlerren laguna eta alderdikidea izan zen. 1925ean, Führeren idazkari partikular izendatu zuten. Hitlerrek gobernua bereturik, Reichstageko kide izan zen. Goi-karguak izan zituen Alderdi Nazional Sozialistan.
1939an, Hitlerren bigarren ondorengo izendatu zuten (Göringen ondoren). Bigarren Mundu Gerran, arrazoiak garbi ez daudela (Britainia Handiarekin Sobietar Batasuna zenaren kontrako ituna egiteko asmoa omen zuen), Eskoziara ihes egin zuen (1941), eta preso hartu zuten. Gerra amaitutakoan, Nurenbergeko epaiketetan gerra-hiltzailetzat epaitu zuten. Burua nahasirik zuela eta, heriotzara kondenatu ordez, bizi guztirako kartzela-epaia eman zioten (1946). Spandauko espetxean (Berlin) bete zuen kondena.
Nurenbergen epaituetatik kartzelaldirik luzeena jasan zuen Hessek.