Sasizientzia edo pseudozientzia (“zientzia faltsua” edo “gezurrezko zientzia”) ebidentzia-zientifikorik ez duen, edo metodo zientifiko onargarririk ez duen baieztapen, iritzi edo praktika da, fidagarritzat hartu ezin dena eta estatus zientifikorik gabekoa[1]. Baieztapen hutsalak, kontrajarriak, gehiegizkoak edo faltsutu ezin daitezkeenak izan ohi dira. Gainera, proba zehatzak bilatu baino baieztapenen bila aritzen dira eta orokorrean jarraibide sistematikoen falta ematen da teoria arrazionalak garatzeko.
Sasizientzia terminoa askotan gutxiesgarritzat hartzen da, hitzak berak aditzera ematen duena delako zerbait faltsuki zientzia moduan aurkezten dela, benetan hala ez denean (sasi-zientzia). Horregatik, sasizientzia moduan identifikatzen ditugun praktikak garatzen dituzten pertsonei ez zaie termino honen erabilera gustatzen.[2]
Zientzia eta sasizientziaren arteko bereizketak arazoak ekartzen ditu politika eta filosofia arloetan, baita arazo zientifikoak ere.[3] Ondorio praktikoak ere suposatzen ditu asistentzia medikoaren kasuan, azterlan judizialean, ingurumen politikan eta zientzien hezkuntzan.[2] Heziketa eta alfabetizatze zientifikoaren zati bat da gertakizun eta teoria zientifikoak sineste pseudozientifikoetatik bereizten ikastea; astrologian, alkimian, medikuntza alternatiboan, okultismoan edo kreazioaren zientzian egon daitezkeenak, adibidez.[4]
Gune, praktika, gorputz edo jakintza bat sasizientifikoa dela esan dezakegu ikerketa zientifikoa aurrera eramateko jarraibideak teorikoki betetzen dituela esan, baina praktikan betetzen ez dituenean. Errebelazio, teologia eta espiritualitateagatik bereizten da errealitatearen ulerkera jakintzaren ikerketa eta esperimentazio enpirikoen bidez ematen baitu. Kontuz ibili behar da zientziaren eta sasizientziaren arteko desberdintasunak ez baitira edonorentzat argiak: sinesmen sasizientifiko batzuk oso errotuak daude, baita kazetari eta zientzia irakasle batzuen artean ere.