Sekigaharako gudua (japonieraz: Shinjitaiz: 関ヶ原の戦い; Kyūjitaiz: 關ヶ原の戰い, Sekigahara no Tatakai?)
1600. urteko urriaren 21ean (Keichō 5, bederatzigarren hilabeteko hamabosgarren eguna euren antzinako egutegiaren arabera) Sekigaharan (gaur egun Gifu prefektura) gertatu zen gudu bat izan zen, erabakigarria Japoniako historian. Gudu honetan herrialdeko bi alderdi nagusienen armadek borrokatu zuten: alde batetik Japoniaren bateratzaile handienetako bat izan zen Toyotomi Hideyoshiren semea zen Toyotomi Hideyori herrialdeko buruzagi bihurtzea defendatzen zutenak. Bestetik, berriz, agintari hori Tokugawa Ieyasu izan behar zela defendatzen zutenak, ordurarte herrialdeko daimyō edo jauntxo feudalik garrantzitsuenetako bat.
Ieyasuk zuzendutako "mendebaldeko armada"ren garaipenaren ondorioz, Ieyasu bera "Japoniaren azken bateratzaile handi" bezala pasa zen historiara, Oda Nobunaga eta Toyotomi Hideyoshirekin batera. Gainera, shogun bihurtzeko bidea garbi utzi zion, garai hartan Japoniako agintari politiko eta militar nagusiena zena. Ordutik aurrera Tokugawa shogunerria ezarri zen, Japoniaren historiako azken shogunerria, 250 urte inguruz mantenduko zena.
Gudu hau zerbaitegatik garrantzitsua izan bazen, kanpaina militar oso baten amaiera dena, bere amaieraren ondoren herrialdea etengabeko barne gudu eta gatazkazko garai batetik irten ahal izan zelako da. Gainera, ia erabateko bakea ezarriko zen uhartedi osoan zehar, soilik matxinada txikiren batzuk etena Meiji Berrezarpenean 1866 eta 1869 bitartean Japoniako Enperadorea agintari nagusi bezala itzuli zen arte.
Gudu zelaian zegoen soldadu kopuru zehatza ezagutzen ez den arren, akademiko gehienek egun horretan 170.000 eta 200.000 soldadu artean egon zirela diote, batzuk, Japoniako historia guztian zehar herrialdean bertan gertatu den gudurik handiena izan dela ere aipatzen dutelarik.