Sentsorea funtsezko elementua da automatizazio modernoan, ingurunearen eta sistema elektronikoen arteko elkarrekintza ahalbidetzen baitu eta kontrolerako eta erabakiak hartzeko funtsezko datuak ematen baititu. Haren funtzio nagusia, transduktore bidez, magnitude fisiko edota kimikoa, magnitude elektriko bihurtzea da. Magnitude horien artean daude tenperatura, presioa, distantzia, hezetasuna eta pH-a; ondoriozko aldagai elektrikoak, berriz, erresistentziak, tentsioak edo korronteak izan daitezke.[1] Neurtzeko eta bihurtzeko dituen gaitasunen ondorioz, sentsoreak funtsezkoak dira aplikazio askotan, adibidez, fabrikazio aurreratuetan, gailu medikoetan, kontsumo-teknologietan...
Sentsore baten eta transduktore baten arteko diferentzia nagusia da sentsoreak zuzenean elkarreragiten duela detektatzen duen magnitudearekin, eta interakzio hori seinale interpretagarri bihurtzen duela beste gailu batek. Adibidez, merkurio-termometro batek merkurioak tenperatura aldaketen arabera hedatzeko edo uzkurtzeko duen propietatea aprobetxatzen du. Funtsean, sentsore batek energia mota bat beste batera bihurtzen du, eta horrek askotariko aplikazioetan erabiltzeko aukera ematen du.
Sentsoreak hainbat sektoretan erabiltzen dira; hala nola, automobilgintzan, robotikan, abiazioan, medikuntzan eta manufakturan.[2] Gailu horien artean daude sentsore analogikoak, potentziometroak eta erresistentziak, baita ezaugarri espezifikoak neurtzeko diseinatutako sentsore aurreratuak ere; hots, errefrakzio-indizea, fluidoen biskositatea edo pH maila.