Sienako eskola Italiako Siena hirian sortu eta garatu zen margolaritza-eskola izan zen. XIV. mendearen lehenengo erdian bizi izan zuen distira handieneko aldia, baina ia hiru mendez iraun zuen, XIII. mendearen erdialdetik XVI.aren hasiera arte. Eskola horren ezaugarri nagusiak bi ziren: Bizantzioko estilotik zetorren koloreetarako gustu aparta, eta aro gotikoko adierazpideak bereganatzeko kezka goiztarra, konposizioen dotoretasunean eta luxuzko apaingarrietan antzematen den bezala. Lau izan ziren eskola honetako ordezkari nagusiak: Duccio di Buoninsegna, Simone Martini, eta Lorenzetti anaiak, Pietro eta Ambrogio.