Sindiko (syndicus; σύνδικος, sýndikos) lanbideak esanahi eta funtzio desberdinak ditu lurraldearen eta zuzenbidearen adarren arabera. Antzinako Erregimenean, biztanle-komunitate bat ordezkatzeko ardura zuen pertsona zen. Bizkaian, Nafarroa Beherean eta Lapurdin, bestetik, botere exekutiboa herriaren ordez erabiltzeko hautatzen zen pertsona zen. Azkenik, porrot-prozedura judizialean hartzekodunen ordezkari gisa porrot-masa administratu, zaindu eta azken banaketarako eratzen den organo arduraduna da.[1] Sindikoaren lana ordezkatuen interesak babesteko erakunde baten funtzionamendua fiskalizatzea izaten da. Historikoki ibilbide luzeko kargua izan da.