Ingeniaritza elektrikoan, sistema trifasikoa edo hiru faseko sistema korronte alternoko energia elektrikoaren sorkuntza, banaketa eta kontsumo sistema bat da. Maiztasun eta anplitude berdineko —eta beraz balio efikaz berdineko— hiru korronte alternoz osatzen da, zeinak beraien artean 120ºko desfase bat aurkezten duten, eta ordena zehatz baten antolatuak dauden. Sistema osatzen duten hiru korronte alternoetako bakoitza fase izenarekin izendatzen da.
Sistema trifasikoa sistema polifasiko mota bat da, mundu guztiko sare elektrikoetan energia elektrikoa garraiatzeko erabiliena. Orokorrean, lurrarekiko tentsio berdin baterako, sistema trifasiko bat sistema monofasiko baliokide bat baino merkeagoa da, energia elektriko kopuru berdina garraiatzeko material eroale gutxiago erabiltzen delako. Potentzia haundiko motor elektriko eta beste karga batzuk elikatzeko ere erabiltzen da, eta honegatik industrian ere oso erabilia da.
Sistema trifasiko bat orekatua da hiru faseen korronteak berdinak badira eta fase arteko desfasea simetrikoa —120ºkoa— bada. Hauetako baldintza bat betetzen ez bada sistema desorekatua da. Sistemako tentsioak orekatuak izanda, hargailutik korronte desberdinak edo 120ºko desfase desberdinak igarotzea eragiten duen inpedantzia desberdinen taldeari, karga desorekatu edo karga asimetriko deitzen zaio.
Sistema trifasikoan konexio konfigurazio mota bi daude: izar erako konexioan (Y) laugarren linea bat, neutroa, erabiltzen da, eta tentsio maila bi erabili daitezke —adibidez, fase bat eta neutroaren artean 230 volteko tentsioa, eta fase biren artean 400 volteko tentsioa—; triangelu erako konexioan —baita delta erako konexio deitua— (∆) tentsio maila bat bakarrik erabili daiteke.
Sistema trifasikoa Galileo Ferraris, Mikhail Dolivo-Dobrovolsky, Jonas Wenström eta Nikola Teslak asmatu zuten 1880ko hamarkada bukaeran, bakoitzak bere aldetik.