Siziliar gerrak edo gerra greko-punikoak, Kartago eta greziar hiri-estatuen arteko gatazka sorta bat izan ziren. Zehazkiago, Kartago eta Sirakusaren harteko gatazka izan zen, azken honek ordea greziar hiri-estatuen laguntza ukan zuen. Arazoaren jatorria Siziliako eta mendebaldeko Mediterraneoaren kontrolean zetzan, K.a. 600-265 artean.
Kartagok, hegoaldean basamortua zuenez, itsas-merkataritzaren menpeko ekonomia zuen. Arrakasta handia lortu zuen merkataritzan, baina hau segurtatzeko ontziteria sendo bat behar zuen, piratak eta beste nazio batzuk gogogabetzeko. Kartagoarrek itsas-indarra eta eskarmentua feniziarrengandik heredatu zuten, baina hauek ez bezala, ez ziren kanpoko laguntzaz fidatzen. Hegemoniari eusteko Kartagok gero eta liskar gehiago izan zuen garaiko aurkari nagusiarekin, greziarrekin, hauek Mediterraneoaren erdia kontrolatu nahi baitzuten. Liskar horiek K. a. VI. eta K. a. III. mendeen hartean gertatu ziren.
Greziarrak, feniziarrak bezala, itsas-gizon adituak ziren, Mediterraneoan zehar gorantza zihoazen koloniak ezarri zituztenak. Bi indar hauek Sizilian egin zuten borroka, Kartagoren hurbil baitzegoen.
Antzinatik, greziarrek eta kartagotarrek koloniak eta merkataritza-guneak ezarri zituzten Sizilian, baina mendeetan zehar guda txikiak izan zituzten kokaleku hauen artean.
Gaur egun ez dago gerrari buruzko kartagoarren idazkirik, K.a. 146an erromatarrek hiria suntsitu zutelako eta Kartagoko liburutegiaren dokumentuak ondoko afrikar tribuen artean banatu zirelako. Horregatik, Siziliar gerrez dakiguna, greziar historialariengandik datorkigu.