XVI eta XVII. mendeetan Euskal Herrian hainbat sorginkeria prozesu egin ziren, Europako beste eskualdeetan eta Amerikako zenbait lekutan egin ziren sorgin-ehizen joerarekin bat eginez. Ezagunenak Zugarramurdikoa eta Lapurdikoa dira (1609-1611). Aurretik, ordea, beste prozesu batzuk gertatu ziren, eta ondoren ere, sorginkeria salaketak egingo ziren, kopuru txikiagoan bada ere. Lehen aurrekaria Durangoko heretikoena da (1442-1445), heresia eta sorginkeria akusazioak elkarren oso gertu egonik ere, legez biak ere oso larriak. Nolanahi ere, Gustav Henningsen folkloristak eta historialari daniarrak, sorginkeriari buruzko aditu handienetako bat,[1] esan bezala, Sorginkeria satanikoa ezezaguna zen euskaldunen artean jazarpena hedatu aurretik.[2]
XV. mende erdialdetik aurrera fase desberdinetan, sorginkeriaren jazarpena tokiko agintariek bere gain hartu bazuten ere, Errege-erregina Katolikoek sortutako Espainiako Inkisizioak (1478) esku hartzeko indar handia hartuz joan zen, Calahorratik eta, 1570etik aurrera, Logroñotik. Dirudienez, 1499 edota 1507an, Durangoko heresiarekin antzekotasunak bide zituzten sorginkeria kasuak agertu ziren eskualde horretan (Anboto), Calahorrako Inkisizioaren interbentzioa ekarri zuena; ondorioz, 17-35 emakume sutan zigortuta amaitu zuten.
Ondo dokumentatutako lehen agerraldi handia 1525ekoa da, Nafarroako Erresuman, 1524ko apirilean hura konkistatzeko operazio militar nagusiak amaitu eta hurrengo urtean. Harrezkero, lau sorgin pertsekuzio handi sailkatu ditu Jesus Maria Usunarizek Nafarroan, bitartean beste kasu txikiagoak izan ziren arren. Sorginen agerraldi eta jazarpeneko kasu sonatuena 1609tik 1611ra jazo zen Bidaso inguruko eskualdeetan. Jurisdikzio desberdinetan epaitu ziren arren, guztiak elkarri loturik daude, hala Nafarroako zein Gipuzkoako gertaerak nola Lapurdikoak:
Araba, gutxienez, 200 emakume sorginkeriaz akusatu zituzten 1610 eta 1611 urteen artean, eta 28 auzipetu, eta euskararen erabileran eragin zuen, Kike Fernandez de Pinedok eta Xabi Otsoa de Aldak euren ikerketan jaso zutenez.[3][4]