Southern Cross espedizioa

Southern Cross espedizioa
Irudia
Motaikerketa espedizioa
Denbora-tarte1898ko abuztuaren 22a - 1900eko apirilaren 1a
HerrialdeaBritainia Handia eta Irlandako Erresuma Batua
AntolatzaileaCarsten Borchgrevink (en) Itzuli
Parte-hartzaileak

Southern Cross espedizioa, ofizialki British Antarctic Expedition 1898-1900 izendatuta, Antartikaren Esplorazioaren Urrezko Aroaren (1895-1922) lehenengo espedizio britainiarra izan zen. Jatorriz norvegiarra zen Carsten Borchgrevink esploratzaile eta irakasleari esker burutu zen. Antartikan negua igaroko zuen lehenengo espedizioa izan zen, Adare lurmuturrean. Garai honetan, Antartikaren barrualdea erabat ezezaguna zen oraindik. Espedizioa osoa Sir George Newnes argitaratzaile britainiarrak diruztatu zuen.  

1899ko otsailean, SS Southern Cross espedizio-itsasontziak Borchgrevink eta bere taldea Adare lurmuturrean utzi zituen, non euren kanpamentua eraiki zuten, Ross itsasoaren ipar-mendebaldean. Hurrengo hilabeteetan zehar, taldeak Antartikaren klimaren bortiztasuna pairatu behar izan zuen. Honez gain, kontinentearen barnealdea esploratzeko aukerak oso mugatuta zeuden kanpamentua inguratzen zuten mendiak eta glaziarrak zirela kausa. Halere, egin beharreko lan zientifikoen egitaraua aurrera eraman zen. Antartikaren bizi-baldintza latzen ondorioz, Nicolai Hanson zoologoa gaixotu eta, ondoren, hil egin zen. 1900eko urtarrilean, Southern Cross itsasontziak esploratzaile-taldea jaso zuen Ross itsasoaren hegoaldea esploratzeko asmoarekin. Taldeak aurrera egin zuen itsasontziarekin Ross izotz-hesira arte. Bertan, otsailaren 16an, Borchgrevink-ek, beste bi kideekin batera, izotz-hesia igo zuen eta leraz 16 kilometro ibili zituen hegoalderantz, latitude-errekor berri bat egiteko 78º50'H latitudean.  

Taldea Londresera itzuli zenean, espedizioa hoztasunez hartua izan zen Royal Geographical Society elkarteagatik, izan ere, elkarte hau prestatzen zebilen Discovery espedizioak ere (1901-1904) latitude-errekor hori apurtzeko helburua zeukan. Honez gain, Borchgrevink-ek kritikak jaso zituen bere lidergo-gaitasun apalagatik eta lortutako txosten zientifiko kopuru urriagatik. Alabaina, espedizioak lorpen garrantzitsu batzuk lortu zituen, izan ere, Antartikan negua igarotzen, lera-txakurrak erabiltzen, Ross izotz-hesia esploratzen eta hegoaldeko latitude-errekorra apurtzen lehena izan zen. Lorpen hauek lortuta ere, Borchgrevink-ek ez zuen inoiz Scott edo Shackleton esploratzaileen heroi-estatusa lortu eta bere espedizioa berehala ahanzturan erori zen, geroago beste espedizio batzuek lortuko zutenaren ondorioz. Hala ere, Roald Amundsen, hego-poloa konkistatzen lehena izan zena, Southern Cross espedizioaren ekarpenak aitortu zituenetariko bat izan zen. Amundsen-ek Borchgrevink-ek esploratutako izotz-hesiaren zatia kanpamentu legez erabili zuen bere espedizioan, eta geroago zera idatzi zuen: “Izotz-hesia igotzean Borchgrevink-ek hegoalderanzko bidea ireki zuela onartu beharra daukagu, hurrengo espedizioentzako oztopo nagusia zena gaindituz”.

Carsten Borchgrevink espedizioaren komandantea, Southern Cross-en aurrean teodolitoarekin irakurketa bat egiten, 1899.

From Wikipedia, the free encyclopedia · View on Wikipedia

Developed by Nelliwinne