Izarretako Gerra VI. Atala: Jediaren Itzulera (ingelesez Star Wars Episode VI: Return of the Jedi) 1983an Richard Marquand estatubatuar zinema zuzendariak zuzendu, Howard Kazanjian ekoizleak ekoiztu, eta Lawrence Kasdan eta George Lucasek idatzitako zientzia-fikziozko abentura film bat da.
Star Wars film saga ospetsuaren 6. filma da, 1980ko Izarretako Gerra V. Atala: Inperioaren Kontraerasoa filmaren jarraipena.
Jatorrizko trilogiako hiru filmen artean kritikatuena izan zen, ewok izakiek haur film baten ukitua ematen ziola eta. Beste batzuk aldiz, trilogiaren amaiera bikaintzat jo ohi dute.
Filmak Efektu berezi onenen Oscar Saria irabazi zuen.