Stripteasea dantza erotiko eta exotikoa da; hor, dantzaria era seduktore eta sexualki iradokitzailean guztiz edo partzialki biluzten joaten da[1]. Dantzariari stripper deritzo. Oro har, kabaretetan eta gaueko klubetan dantzatzen da: arropa motel kenduz joaten dira, ikuslearen grina ahalik eta gehiago mantendu eta konplizitate handiagoa lortzeko haiekin. Era berean, ikuskizuna ahalik eta gehien luzatu ohi dute, eta hori dela eta, normalean biluzik dantzaren azken momentuan bakarrik geratzen dira. Modu horretan, sentsualitatea amaiera arte mantentzea lortzen dute.
Ikuskizun horren elementurik garrantzitsuenak dantzarien fisikoa eta dantza egiteko duten gaitasuna izan ohi da: dantzok musika eta argi jokoen bidez lagundurik egiten dira beti. Elementu horiek ezinbestekoak dira espektakulu hori egiteaan, dantzak erakargarriagoak bilakatzen baitira.
Stripteasea hainbat kulturatako parte da, antzinako Babilonia eta Egiptotik gaur egun arte.