Fonetikan, sudurkaritzea hots bat ahosabai biguna behean dagoenean ahoskatzea da; hori dela eta, airea, ahotik ez ezik, sudurretik ere irteten da. Hots sudurkaririk ezagunena [n] da. Batzuetan sudurkaritzea beste hots bat ahoskatzerakoan gertatzen da. Horrela sortzen dira, adibidez, gaur egun zubereran oraindik bizirik dirauten bokal sudurkariak.
Nazioarteko Alfabeto Fonetikoan, sudurkaritasuna tilde (~) baten bidez markatzen da sudurkarituriko hotsaren gainean. [ã] bokal sudurkaria [a] ahokariaren baliokidea da, eta [ṽ], [v]-rena. Ikur zenbait ere erabiliak dira kontsonante sudurkari batzuentzat, hurrengo herskariak kasu: [m], [n], [ɲ], [ŋ], etab. Jakin behar da ere, bokalen sudurkaritzeak, bai artikulatorioki eta baita akustikoki ere, bereizgarri bat baino gehiago dituela. Adibidez, [ã] soinua ahoskatzean, ahosabai bigunaren behatzearekin batera, mihiaren toki aldatzea gertatzen da [a]ren ohiko kokapenarekin alderatuta.
Bokal sudurkariak frantsesez, bretainieraz, portugesez edo polonieraz daude. Euskaraz ere atzemaiten dira zubereran, erronkerian eta bizkaiera zaharrean. Kasu zenbaitetan, bokalak sudurkaritze maila desberdinak dituzte. Adibidez, ingelesez bokalen sudurkaritze maila alda daiteke, baina ezaugarri fonetiko horrek ez ditu item lexikoak bereizten (ingelesean ez da bokal sudurkari eta ahokarien arteko oposaketarik, sudurkaritze fonetikoa baino ez). Fonologikoki, kasu gehienetan, bokal sudurkarien eta bokal ahokarien arteko oposaketa kategorikoa da.
Kontsonante sudurkariak (adibidez, [m], [n], [ɲ], [ŋ], etab.) ez dira sudurkarituak deituak, ez direlako dagokien soinu ahokariari gehituriko bigarren mailako ahoskatzeak. Hau da, ahoskatze modu bat da: hor, airea sudurretik aske pasatzen da, aire-emaria ahoan eragotzia den bitartean. Horregatik herskari sudurkariak ere esaten zaie.
Kontsonante sudurkarituak ere daude, hau da, haien ahoskerari sudurkaritasuna gehitzen zaien kontsonanteak. Horiek kontsonante ahokariekin oposizioan daude. Adibidez:
Ahozko igurzkari sudurkarituetaz gain, badira benetako igurzkari sudurkariak ere, igurzkari narealak deituak izan direnak, batzuetan fonazio akatsak dituzten pertsonek ekoizten dituztenak. Kontsonante mota horietan, igurzkarien ezaugarri diren aire-emariaren turbulentziak ez dira ahoan sortzen, baizik eta sudur-barrunbetan. Nazioarteko Alfabeto Fonetiko hedatuak bi diakritikoren konbinazioaren bidez irudikatzen du, tilde eta dieresi baten bidez alegia: [n͋] igurzkari nareal hobikaria da, ahoko aire-emari gabea, eta [v͋], [v] igurzkari ahokariaren baliokidea aldi bereko igurtzi narealarekin.