Botanikan, sustraia[1], zaina[2] edo erroa[3] klorofilarik gabeko landare-organoa da, landarea finkatzen duena eta horrek hazkunderako behar dituen ura eta gatzak xurgatzen dituena.
Meristemo primarioa kaliptraz babesturik dauka eta sustrai-puntan dago. Enbrioiaren sustraiari sustraixka deritzo eta, garatzen denean, sustrai nagusia eratzen du.[4] Kimu batetik eratzen den lehen sustraia sustrai nagusia da; haren adarrei albo-sustrai esaten zaie. Zenbait espeziek ardatz-formako sustrai handi bakar bat dute, eskuarki beherantz hazten dena eta albo-sustrai ugari dituena. Beste zenbaitek sustrai barreiatuak dituzte, tamaina bertsuko sustrai mehe ugari.