Thomas Edward Lawrence, ezizenez Lawrence Arabiakoa, profesionalki T. E. Lawrence gisa ezaguna, (1888ko abuztuaren 16a, Tremadog, Gales – 1935eko maiatzaren 19a, Bovington Camp, Ingalaterra) britainiar militar, arkeologo, idazle eta abenturaria izan zen. 1916-1918 bitartean jazotako Arabiar Iraultzan buruturiko lotura lana eta bere balentriengatik berebiziko ospea bereganatu zuen. Bere bizitasuna, ekintzak eta arabiarrekin zuen adiskidetasunak, nahiz bere bizipenak idatziz deskribatzeko izan zuen trebeziaren ondorioz mundu osoan Lawrence Arabiakoa ezizenaz ezagutua izan zen. Hau dela eta, 1962an bere biziari buruzko Lawrence of Arabia filma estreinatu zen.[1]
Lawrence Arabiakoaren irudi publiko honen bultzatzaile nagusietako bat Lowell Thomas estatubatuar kazetaria izan zen, bai eta Lawrence Arabiakoak berak 1922an bere bizitzari buruz idatzitako Seven Pillars of Wisdom ("Jakintzaren Zazpi Oinarriak") autobiografia ere.
Erabateko bizitza abenturazalea izan zuen, honen lekuko bere esaldi hau:
« | Bi motako gizonak daude: batzuk lo egin eta gauez amesten dutenak, besteak esnatuta eta egunez amesten dutenak... azken hauek arriskutsuak dira, beren ametsak egi bilakatu arte ez baitute amorerik emango. | » |
Thomas Edward Lawrence |