Tarpan | |
---|---|
![]() Azken tarpan zaldia Moskuko Zoologikoan, 1868. urtean. Zalantzak daude ea arraza garbiko tarpana zen, ala etxeko zaldiekin nahasitako abere bat. ![]() | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Mammalia |
Ordena | Perissodactyla |
Familia | Equidae |
Generoa | Equus |
Espeziea | Equus ferus |
Azpiespeziea | Equus ferus ferus Boddaert, 1785
|
Sinonimoak | |
Eurasiako basa zaldia,
equiferus Pallas, 1811 |
Tarpana[1] (izen zientifikoa: Equus ferus ferus edo Equus ferus gmelini), Eurasiako basa-zaldia ere deitua, egun desagertutako basazaldi mota bat izan zen[2]. Nahasketa dago guzti honen inguruan gaur egungo zenbait aintzineko poni arrazak "tarpanak" deitzen dituztelako ere, konik ponien edo Heck zaldien kasu[3]. Arraza hauen antzinatasuna edo tarpanen ezaugarriak berreskuratzeko egindako lana azpimarratzeko modu bat da[4]. Edozein modutan, nahiz eta aspaldiko arrazak izan eta garai bateko basazaldien ezaugarri asko gorde, poni hauek ez dira benetako tarpanak.
Tarpana (Equus ferus ferus) Equus ferusaren azpiespeziea zen. Harekin batera, etxeko zaldiek (Equus ferus caballus); neurri handi batean, tarpana haien arbasoa da, eta Przewalski zaldiek (Equus ferus przewalskii) osatzen dute espeziea[5]. Esan beharra dago gaur egun hainbat adituk ezbaian jartzen dutela Przewalski zaldiaren taxonomia, eta aparteko espezietzat hartzen dute[6].
Bere altuera soin gurutzera 130 cm inguruan zegoen. Garai moderno arte iraun zuten tarpanaren bi mota ezagutzen dira: estepetako tarpana eta basoko tarpana. Edozein kasutan, kontuan hartzekoa da espeziea hainbesteko banaketa eremua izanik, tokiz tokiko tarpan azpiespezie eta mota asko egongo zirela. Horrez gain, enzebroaren kasua dago. Abere horiek, hainbat ikerlariren ustez, azken tarpana iberiarrak izan ziren. Hondar aleak XVI. mende arte iraun zuten Iberiar Penintsulako hego ekialdean.
Ondo dokumentatutako azken tarpan abelburua, 1876. urtean Ukrainan harrapatua izan zena, Moskuko Parke Zoologikoan hil zen 1909. urtean, baina zalantzan dago ea aberea arraza garbikoa ote zen ala etxeko zaldiekin nahastutako alea[7][8]. Horregatik, beste hainbat iturrik 1887. urtean Municheko Hellabrunn Zooan hildako tarpana aipatzen dute espezieko azken aberetzat[9]. Jakina da arraza garbiko tarpanak desagertu eta gero, XIX. mende osoan eta XX. mendearen hastapenetan, bizirik eta libre Ukrainako estepetan etxeko zaldiekin nahasi ondoren berriro basati bilakatutako hainbat aberek iraun zutela. Zenbait adituren arabera, baliteke arrazak bizirik iraun izana Ukrainan 1918 arte eta Polonian 1919 arte,[10] hori dioten hainbat lekukotasun baitaude. Datutan zehazten zaila da, ordea, eta kontuan hartu behar da, lehen esan den bezala, azken ale basati horiek etxeko abereekin nahasitako tarpanak izatearen aukera.
Tarpanak, zuten tamainagatik, ponien sailkapen taldean sar daitezke, eta aditu askoren arabera, egungo poni arraza askoren jatorrian daude. Lehen esan den bezala, antzinako poni arrazen hazleek beren abereek tarpanekin duten senidetasuna nabarmendu ohi dute, arraza bakoitzaren antzinatasuna aldarrikatzeko orduan. Esate baterako, Ipar Euskal Herriko zenbait pottoken hazleek "Pirinioetako tarpana" deitzen diote euskal poniari.
Gaur egun, munduan irauten duen jatorrizko basa zaldi bakarra Przewalski zaldia da, eta baditu zenbait antzekotasun antzinako tarpanekin. Tarpana eta Przewalski zaldiak garai bateko Equus ferus Europako basa zaldiaren azpiespezietzat hartzen dira; dena den, oraindik eztabaida handia dago zaldi horien taxonomiaren inguruan. Zenbait adituren ustez, Przewalski zaldia antzinako Equus ferusen ondorengoa da, eta ez espezie bereizia;[11] beste zenbait ikerlariren arabera, berriz, tarpana eta Przewalski zaldia duela 160.000 mila urte bereizi ziren.[12]
Joan den mendeko 30. hamarkadan hautespen artifizialaren bidez eta taxonen berreraiketaren bidez, hainbat ikerlari tarpana berreskuratzen saiatu zen. Saiakera horien ondorioz, Heck zaldia arraza zein Hegardt edo Stroebel zaldia sortu zituzten; aurrenekoak, neurri handi batean, Konik zaldien ondorengoak dira. Municheko zoologikoan hainbat saiakera egin dituzte hamarkadetan zaldi arraza ezberdinen hautaketen bidez tarpan bezalako abereak berreskuratzeko[3].