Teledetekzioa airetik edo espaziotik irudiak hartu eta irudi horien tratamendua barne hartzen dituen prozesua da. Teledetekzio-teknikarik erabiliena airetiko argazkia da oraindik, baina espazioan sateliteetan jarritako sentsoreen bidez hartzen diren irudien garrantzia gero eta handiagoa da.[1][2][3][4][5][6]
Geofisikak ultramoreak baino uhin-luzera txikiagoko erradiazioak (X eta gamma izpiak) edo luzeagokoak (irrati-uhinak) darabiltzan bitartean, teledetekzioak uhin ultramore eta mikrouhinen arteko luzeretan bakarrik du bere eragina. Horrela izanda, teledetekzioaren definizioa 0,25 mikra eta 9 mm-ko uhin-luzeren arteko espektro-eremuan mugaturik dihardu.
Mundu osoan diharduten espazio-programa ezagunenak Landsat estatubatuarra eta Sentinel europarra dira. Sentinel programak Europako Espazio Agentziaren bidez kudeatzen dira Copernicus ikerketa-programaren barruan. Lurreko behaketaren ikuspuntu hauetatik aztertzen ditu: lurra, itsasoa, atmosfera, klima-aldaketak, larrialdien kudeaketa eta segurtasuna.[1]
Teledetekzioak dituen aplikazioen artean, ingurumenari loturikoek gorakada handia izan dute azken urteotan, batez ere 1970eko hamarkadaz geroztik. Besteak beste, ondoko hauek aipa daitezke: isurtze-ereduen sorrera, azaleko uren inbentarioa, hodei-masen analisia denbora errealean, itsasoaren kutsaduraren eta itsaslasterren kontrola,[7] uraren kalitate fisikoaren kontrola,[8] lurrazaleko landarediaren kartografia, landarediaren estres-egoeren ebaluazioa (lehorteak, suteak, baso-soiltzea),[9][10] uzten inbentarioa eta uzten iragarpena, etab.[11]
Adibidez, infragorri ertainaren banda lurrazalaren hezetasuna ezagutzeko erabil daiteke, eta horrela labore bat lehorrekoa den edo ureztatua den froga daiteke; NDVI izeneko algoritmoak, bestalde, landareen jokabide erradiometriko bereziaz baliatzen dira landaredi mota ezberdinak bereizteko; azken adibide bat aipatzearren, infragorri termikoa deritzon bandaren bitartez beroa atzeman daiteke eta, beraz, suteak kontrolatzeko erabil daiteke.